Gogoko lekuan, aldaparik ez!

BESIBERRIKO ERTZA

Herensugearen bizkarraren gainetik

Pirinioetako ekialdeari begira, Besiberriek azken aukera bat ematen digute era horretako gandor batez gozatzeko. Hortik aurrera hiru mila metrotik gora Pica d’Estatseko ertza aurkitzen dugu bakarrik. Baina, honek ez du zer ikusirik Besiberrikoarekin, askoz errazagoa da eta. Pirinioetako hiru milako ertzen artean Besiberrikoa ez da oso zaila ezta erreza ere. Ertaineko izanik, ezin dugu ahaztu, goi mendian gaudela eta rappela eta ensemble mugimendua menperatu behar ditugula.

1.eguna

Aurretik hiru ordu eta erdiko bidaia. Aldi honetan neure tokatzen zait autoa eramaten duenak musika ere aukeratzen du. Bidaia osoa eman dugu The Crowned Mountain arrakasta guztiak entzuten. Azkenean, kd irakurlea erretzeko zorian dagoela iritsi gara Vielhara. Oraindik, Vielhako tunela iparraldetik zeharkatu behar da. Hegoaldeko sarreratik bi kilometrotara kamioetarako parkinga ikusten da. Beheko aparkalekuan, errekaren ondoan utz daiteke autoa. Errekaren beste aldera  Conanglesko aterpea dago.

Gure asmoa gaur Estayneteko aterperaino iristea da han bertan lo egiteko. Gutxi gorabehera bi ordu eta erdiko ibilbidea da. Aparkalekuan bertan hasten den pista bat basoan sartzen da hesi bat gainditu ondoren. Hamar minuturen buruan, gurutze batean, ezkerretara hartu behar da eta hortik denbora laburrera kartel bat topatuko dugu, Beseberriko Estanyetarako bide zuzena jakinarazten diguna. Bidea basoan zehar doa eta noizean behin bidezidorrez baliatzen gara poliki-poliki altuera hartuz joateko. Basoak izugarrizko zuhaitzak ez ezik, magurdiak, ahabiak eta marrubiak ere eskaintzen dizkigu. Ibiltzen hasi garenez, geroztik ordubete igaro da. Toki honetan, ur-jauziaren aurrean, badago zubitxo bat erreka zeharka dezagun. Hemendik aurrera, maldak ez digu atsedenik emango. Aldapan gora bidea sigi-saga doa pinuen artean.

Batzuetan, esfortzu handia egiten ari naizenean, neure buruaren barruan mekanismo bat sortzen da nekea arintzeko: Behin eta berriro abesti bat entzun eta abesten dut:  “In your head, in your head; Zombie, zombie, zombie”

Burutik kendu ezinik The Cranberriesen Zombie abestia, jandako ahabien eragina ote?

Azkenean, zubia zeharkatu dugunetik berrogei minutu pasatu direnean iristen gara Besiberriko aintzirara. Puntu estrategikoa da, Besidberriko ia ertz osoa ikus baitaiteke hemendik. Orain bidea lakuaren eskumako hegaletik doa. Benetan leku zoragarria da leku hau, zuhaitz batzuen ondoan kanpatzeko. Errekaren ezker geografikoko erriberatik abiatzen gara. Han urruti, harkaitz baten gainean, arranoen habia bailitzan, Estayneko aterpea ikusten da. Abuztua izan arren bakarrik gaude aterpean. Oso ondo horniturik dagoela esan beharra dago: hamaika ohe, larrialdietarako irratia, argindarra, etab. Halako aterpe gehiago behar du gure Pirinioak eta, garrantzitsuena dena, mendizaleok zaindu behar ditugu.

Oraindik lo egiteko goizegi denez, denbora pasatzen dugu Benasque aldeko tontorrak identifikatzen. Honekin batera, biharko bidea aztertzen dugu. Printzipioz, jendeak bide zaila hartzen du nahi gabe. Izan ere, Ipar Besiberriko eta Canal Rius artean dagoen leporaino zuzen-zuzen abiatzen dira mendizale gehienak. Gero konturatzen dira ertzean III+ graduko igarobideak daudela eta progresioa moteltzen da. Martin Besiberriko isurialde honetan lehenago egona da. Hori dela eta, bidea ezagutzen du eta biharko bidea nahiko argi daukagu. Ilunabarrean oheratu gara. Biharkoari buruzko pentsamenduan ditugu buruan irakiten. Doctor Deseoren Abrazame abestia entzuten dut: “Cuando la copa de los sueños esta vacia; Y miles de abejas jugando; En las tripas me roban las noches…”

2.eguna

Goiz jaikitzen gara egun osoa ondo aprobetxatzeko. Aterpetik ateratzen gara eta errododendroen artean egiten dugu bidea. Mugarriak ondo jarraitu, besterik ez dugu egin behar bide zuzena segitzeko. Bidezidor hau Avellaner leporaino iristen da. Une batean bidexka utzi behar da eta, aldapan gora, Ipar Besiberrirantz abiatuko gara artez. Hormara iritsi baino lehen komeni da erreferentzia hartzea. Kasu honetan ezkerretik eskumara doan tximinia da bilatu behar duguna. Tximinia honek, sarreran, landare batzuk ditu. Detaile hau ezin da oharkabean utzi, baina hau gutxi izango balitz, ertzean tximiniaren bertikalean arrakala nabarmena ikusten da. Hala eta guztiz ere, gu pittin bat ezkerrerago joan gara eta sokaldi labur bat egin ondoren, bide arteza hartu dugu. Hasierako tximinia kanal bihurtzen da ondoren gero ertzetik beretik gora eta behera mugarriak jarraituz, Ipar Beseberriko tontorreraino igoko gara.

Poliki poliki aurrea egiten dugu ertzetik. Urrutira falta zizkigun tontorrak ikusten dira, atzeko aldera, mendien artean Estany de Mar eta beronen uhartetxoa daude. Eguneko lehendabiziko rappela Oliverasen arrakalan aurkitzen dugu, zortzi metrokoa edo.

Gure bideak herensugearen bizkarrezurretik jarraitzen du eskalada tarterik zailena topatu arte. Gure artean, txantxa moduan, “Txapeldunaren pasalekua” deitzen diogu. Izan ere, atzo aterperako igoeran topatutako mendizale batzuek komentatu ziguten ertzeko zati honetan eskalatzaile batzuk eskalada sokaldiak egiten ari zirela “txapeldunak bezala”. Ondorioz, izen horrekin bataiatu genuen ertz zatia. Pare parean horma bertikal samarra dugu eta bloke apropos batean muntatzen dugu elkargunea. Lauzpabost metro tente igo beharra dago. Gero, eskumarako zeharkaldia egin behar da, zati belartsu bat aprobetxatuz. Kontuz zeharkaldi honekin III+ gradura iristen da eta. Mattin doa lehendabiziko, pasaleku zaila atzean utzita, berriro elkargunea egiten dugu gandorrean. Ensemble segitzen dugu, jardunaldiko bigarren rappelera heldu arte. Hau Sallesen arrakalan kokatzen da eta bi zatitan egin ohi da, 10 metrokoa bakoitza.

Arrakala pasatutakoan, korridore bat hartzen dugu ertzean jarraitzeko. Konturatu ere gabe ensemble pasatu dugu hirugarren arrakala. Dena dela, han bertan dago rappelaren instalazioa nahi duenarentzat. Zailtasunak atzean utzita, Ipar Erdiko Besiberrira eta Hego Erdiko Besiberrira iritsi gara, hurrenez hurren. Azken honetan atsedenaldia hartu dugu, bost ordu eman baititugu mugitzen. Bitxikeria moduan, esan dezagun gure GPSen arabera bi metro falta zaizkiela mendi hauei hiru mila metrora ailegatzeko.

Hego Erdiko Besiberritik jaisteko bi aukera ditugu. Bata ertzetik zuzen-zuzen beheratzea da eta bestea, guk egingo duguna, mendebalderantz jotzea. Aldea ez da oso handia eta, batetik zein bestetik, azkar heltzen da Pas de Trecazes izeneko lepora. Hau atzean utzita, Hego Besiberriko bide arruntari ekiten diogu baina, harkaitza ustel samarra dagoenez, zailagoa izan arren ezkerretara goaz haitz sendoagoaren bila.

Hego Besiberriko tontorra jendez gainezka dago. Estanys Gelatseko alderantz jaistea komeni da, modu honetan ertzeko zatirik malkartsuena ekiditen baita. Dena dela, bi pasartetan kontu handiz ibili behar da destrepea egiteko. Une batean ekarritako bidea Avellaner lepotik datorrenarekin elkartzen da. Orain, Comaloforno tontorretik gertu dagoen arrakalara iritsi behar da. Ez da zaila eta hortik aurrera oinez iristen da gailurrera.

Comalofornotik parez pare ikusten da eguneko azken helburua, Passet gailurra, alegia. Metroak galdu behar da arrakala batera ailegatzeko. Puntu honetan eta gidaliburu batzuen arabera, zuzen zuzen eraso behar da gailur lerroa.

Bost metroko igo ostean sabai batekin egiten dugu topo. Hau eskumatik saihesten da. Nahiz eta zila izan ez, igaroleku horren badu arriskua. Ondoren, gandorretik jarraitzen da, tontorreko harripila aurkitu arte. Gailur honetan, daramatzagun bi GPSek 3002 metroko altuera markatzen dute.

Jaitsieran, berriro sabaitik ez pasatzeko, hamabost metroko rappel bat prestatu dugu. Ez da oso tentea eta kanal batean amaitzen da. Berriz ere igoerako arrakala erdiesteko, bost bat metro igo behar dira ondoren. Gure ustez, bariante hau askoz errazagoa da. Arrakalan bertan soka gorde daiteke, ez baita gaur berriro erabiliko.

Igoera ikusta bidea hartu behar da Avellaners lepora heltzeko. Horretarako, ez da bat-batean altuera galdu behar. Aldiz, geldiro eta diagonalean mugarri batzuk jarraituko ditugu lepora heltzeko. Behin lepoa erdietsirik, ikuspegia ez da oso atsegina. Izan ere, harri txiki eta legarrezko malda tentetik jaitsi behar da. Zati hori atzean utzita, plateau harritsuan sartzen gara. Hemen ez dago inolako biderik eta aurrera egiteko saltoka ibiltzea da onena.  Azkenean, bide ezaguna hartzen da eta di-da batean iristen gara Estany de Besiberrira.

Bide ezagunetik iritsiko gara autora. Hamahiru ordu igaro dira ibiltzen hasi ginenetik. Errekan freskatzen utzitako Koka-kola hartu eta etxera bueltan musika jarrita, Vielhako tunelean sartzean The Crownen Mountainsen abestiak entzuten dira kd-an.

Gu ez gara etorkizunera herensugearen gainean joango baina, egun batez behintzat, gozatu ahal izan dugu Besiberriko bizkarrezurrera igota.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s